IPUINEKIN ANIZTASUNERA BIDEAN
Ukaezina da literaturak eta ipuinek haurrengan duten garrantzi eta eragina, eta nola ez, horretxegatik, Haur Hezkuntzan ezinbesteko material edo baliabide dira. Haurrek ipuinekin eta ipuinez disfrutatu, gozatu, imajinatu, eta sortzeaz gain, hauen bidez ere asko ikas dezakete, eta ikaskuntza hau zuzenekoa izan daiteke baina baita zeharkakoa ere. Hortxe dago gakoa, zeharkako ikaskuntzan.
Zenbait gai hitzez landu daitezkeen arren, ipuin batean askoz ere hobeto islatu daitezke eta honi esker hainbat balio irakatsi, “oharkabean”. Gure kasuan, gai nagusia aniztasuna izan da, orokorrean, eta ipuin ezberdin hauei esker aniztasun mota asko landu ditugu. Ipuin hauek irakurri ondoren aniztasunaz dugun ideia zabaldu dugula esango genuke, izan ere, aniztasuna eguneroko gauza txikienetan ere badagoela ohartu gara. Arraroa, Munstro arrosa eta Hodeiekin dantzan ipuinetan adibidez, gaur egungo auzoetan dagoen aniztasunari egiten zaio erreferentzia.
Bestalde, gaur egungo gizartean ezberdin izateak ekartzen dituen zailtasunei aurre egiteko, Tximeleta belarriak ipuina interesgarria izan daiteke bakoitza den bezalakoa onartu eta egoera horietan erantzuten laguntzeko.
Hala ere, nahiz eta desberdinak izan gauza askotan berdinak garela ulertzeko Goikoak eta behekoak ipuina lagungarria izan daiteke; baita, desberdintasunak modu aberasgarrian ikusteko ere. Azken ideia hau lantzeko Elmer eta Zuria izan nahi zuen hartza ipuinak interesgarriak izan daitezke; izan ere, talde bat osatzeko denok gara beharrezkoak eta bakoitzaren ezaugarriak funtsezkoak dira taldearentzat.
Landu ditugun ipuinetako batzuk gai zehatzagoetan sakontzeko aukera eskaini digute; hala nola, familia eredu ezberdinei buruz (Tango), zaintza eta adopzioari buruz (Nik ere nahi nuke mango bat), transexualitateari buruz (Jazz naiz), produktibitatearen aurrean beste balio batzuk lantzeari buruz (Frederic) eta abar.
Azkenik, aipagarria iruditu zaigu nahiz eta ipuin batzuk osotasunean guztiz egokiak ez iruditu, gelan ikusi dugun bezala, aldaketa batzuk egitearekin batera, moldatu eta aproposak bihur daitezkeela, Jazz naiz (estereotipoak eta rolak oso markatuak) eta Zuria izan nahi zuen hartzaren (zaintza amari soilik lotzen zitzaion) kasuetan ikusi bezala.
Eskolara begira lanketa bat egiteko Hamaika andere ausart ipuina aukeratu dugu. Aniztasunari begira gai ezberdinak jorratzen ditu: edertasunaren estereotipoak hautsi, emakumeak ausardiarekin lotu eta herrialde eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du. Horrez gain, irakurketarako aproposa da, zenbakiekin eta errimekin jolasteko aukera ere eskaintzen baitu.
Gure proposamena honako hau da:
Lehenengo pausua ipuina irakurtzea eta honako hau lantzea izango litzateke. Irakurri ondoren, ipuinaren inguruan galdetu eta ipuina komentatuko genuke. Horrez gain, inguruan dituzten emakume ausartengatik galdetuko genieke. Azkenik, haurren proposamenetatik abiatuta emakume ezberdinak gonbidatuko genituzke eskolara egun ezberdinetan, beraien bizipen eta bidaiak gurekin partekatzera. Garrantzitsua da esperientzia hauek mota ezberdinetakoak izatea haurrek proposatutakoaz gain, aukera ezberdinak eskolara ekarriz aniztasunaren gaia bere osotasunean lantzeko (aisialdian egindako bidaiak, gatazka ezberdinak direla medio behartuta egindako bidaiak, lanagatik egindako bidaiak…).
Eta hau hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila eskoletako ipuin txokoan...
Comentarios
Publicar un comentario